XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Jose Maria Iparragirre Balerdi

Peña Goñik kontatzen duenez, Iparragirreren arima pil-pilean jarri omen zen entzulegoarekiko elkartasunezko hurbiltasunak eraginik, eta ingelesek, euskaldun bihurturik, olerkariaren txapelean hustu zituzten beren fratikak.

Orduan, Iparragirre eskenatokira zuzendu zen, agerkizun hura ikusirik guztiz harrituta zegoen kantari gizaixoarengana eta txapelean zuena haren sonbreiru zikinean bota zuen, ondoren publikoa agurtu eta desagertu egin zen.

Aipatu pasartea, ustezko kondairen artean dago, Iparragirreren biografian agertzen diren beste asko bezala.

Benetan gertatutakoen artean berriz, kontzertu batean, hitzak euskaraz eta doinua tirol aldekoa zituen abesti bat kantatu zuenekoa daukagu.

Ikusleen artean Jose Mazarredo almirantea zegoen, bera bezala euskalduna.

Hizketan aritu ziren eta itsasgizonak indultua eta Espainiara buelta zedin aukera emateko ahalegin guztiak egingo zituela agindu zion.

Handik oso denbora gutxira, Jose Mari Iparragirre bergantin batean untziratu zen eta egun batzuetako bidaia gorabeheratsuaren ondoren (bergantina Santoña parean hondoratzeko zorian egon bait zen), koblakaria lurreratu egin zen Bilboko portuan, 1852an.

Sosik gabe zegoenez, kontzertu bat eman zuen, eta bertan jasotako diruarekin Madrilerako bidea hartu zuen han bizi bait zen ama oraindik.

Ama mandio batean, bakarrik eta karitateak eramaten zizkion janari ondarrez bizi zela esaten dute; baina hala eta guztiz ere, gose zen edozein euskaldun ondo hartzen zuen eta zuen apurra harekin partitu.

Bertsio batek esaten duenez, Jose Marik atea bultzatu eta amaren irudi maitagarria ikusi zuen sutondoan.

Begiak malkoz beteta zituelarik, besoak zabaldu zizkion.

Orduan amak, besoak gurutzatuz eta tinko, handitasun izugarriaz hauxe galdetu zion:

Jose Mari, hau al da eskolatik itzultzeko ordua?

Galdera harentzako erantzunik gabe, begiak jaitsi zituen barkamena eskatzeko moduan eta berriro jaso zituenean, ama berarengana zetorren.

Biek besarkada bero eta estu batean egin zuten bat.

Madrilen, Montera kalean, Café de San Luis izena zuen kafetegi bat zegoen.

Bertan, euskaldun ugari biltzen zen, arrazoi ezberdinengatik Espainiako hiriburura joaten zirenak nahiz han bizi zirenak.

1853ko gau batean, Jose Mari Iparragirre Madrilera heldu berria zelarik, aparteko jendetza bildu zen kafetegian eta giroan zerbait espero zela nabari zen: Jose Marik gau hartan abesti berri bat kantatu behar zuen.

Beste euskaldun bat Juan Mari Altuna, izan behar zuen lagun pianoarekin.

Gernikako arbolari eginiko himnoa zen, euskal arimak bere lur eta askatasunarenganako duen maitasun handia biltzen zuen zortzikoa.

Ordua iritsi zenean, Iparragirre eta Altuna jarlekutik altxatu ziren eta taulaturantz zuzendu.

Altunak pianoan jezarrita atzamarrak teklatuan zehar iragan zituen.

Bi gizonak hasteko prestatu zirenean isiltasuna nagusitu zen.

Iparragirreren ahotsa indartsua zen eta euskal hitzak haren ezpainetatik goxotasunez eta tinko irteten ziren.

Entzulegoak, liluratuta, sutsuki txalotu zuen, eta behin himno berria, Gernika'ko Arbola, ikasi zutenean, goizalderarte aritu ziren kantatzen.